Belaunaldien berritzea lehentasun etengabea da laborantxa herrikoiaren alde lan egiten duten EHLG bezalako egiturentzat.
Gaur egungo dinamikak, Euskal Herrian, urtean 90 instalazio inguru (1 edo 2 instalazio, 3 gelditze bakoitzarentzat) esperantza emaiten badu ere, errealitate kezkagarriagoa gordetzen du. 50 urte baino gehiagoko laborarien % 50a baino gehiagok ez dute beren etxaldearen segida uzteko aukera argirik.
Laborari lanbidea erakargarria da gure lurraldean, laborantza herrikoiari, sormarkeri eta kalitatezko produktueri esker. Gure seme-alabei etxaldeak hartzeko gogoa emaiten die..
- « Euskal Herrian laborari plantatu : errealitate ezberdinak »
Laborantza aktibitate garrantzitsua da (edo izan da) Euskal Herrian. Garrantzitsua ekonomia arloan, bai eta ere kultura edo lurralde erabilpenaren ikuspegitik eta beraz paisaia, biodibertsitatea edo uraren kalitatearen aldetik…
Europa mailan, Ipar Euskal Herrian dira laborari instalazio kopuru handienak atxematen. Egoera ez da bera Hego Euskal Herrian. Bertako industrietan sortu soldatapeko lan eskaintza handiak laborari kopuruen ttipitze ikaragarri bat eragin du. Erabakitzeko gaitasunak ere desberdinak dira lurraldetasunari doakionez. Laborantza politika publikoak gehienik Europa mailan erabakitzen dira, bainan Hego Euskal Herriko administrazioek (Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Gobernua) dituzten erabaki eta finantza ahaletarik oso urrun gelditzen da Ipar Euskal Herria.
Euskal Herrian laborari plantatzea egoera ezberdinetan egin daiteke, tresna desberdinekin. Erabiltzen diren metodo eta bizitako esperientziak partekatzeak, Euskal Herrian laborari belaunaldien berrindartzen laguntzen ahal gaitu.

- « Lurra, laborarien lan tresna »
Euskal Herriak laborantza tradizio handia izan du beti, Bidasoaren bi aldeetan. Izan etxezaingoan, etxetiargoan, jabetza pribatu edo kolektiboan kudeatua, lurrak funtsezko belaunaldiak zeharkatu ditu bere elikatzaile rola atxikiz. Etxeari eta horgo familiari hertsiki lotua da, etxaldearen izena eramanez usu.
Gaur egun, lurrak bere laborantza sustraietatik geroz eta deskonektatuagoa den mundu baten presioak jasaiten ditu: lurraren prezioaren goratzea, lurren artifizializazioa, bere elikatze bokazioaren desbideratzea energiarentzat (fotovoltaikoa, metanizazioa).
Hego Euskal Herriak bereziki egoera hori pairatu du, etxalde ttipien desagertze handiarekin, etxalde handitzea abantailatuz. Higiezinen espekulazioak laborantza lurren beharretan diren laborariak trabatzen ditu, usu etxalde handitzeak abantailatuz.
Tendentzia hori geldiarazteko tresnak badaude. Iparraldean, Lurzaindia eta Safer-a lanean ari dira laborari lurren zaintzeko. Hegoaldean, Amillubi bezalako ekimenek lurra ondasun kolektibo raztenentseatzen dira. Etxebizitza arinen garapenak ere laborantzan plantatzea errexten du etxalde ttipietan.
Laborantza praktika suntsitzaileenganik jorratua izan ondoan, lurrak bere zentzua berreskuratzen du gaur egun agroekologiari esker. Laborantzaren oinarria da eta izanen da.
- « Nola ikasi laborari bilakatzen ? »
Laborari bilakatzea familia giroan egiten da, helduekin harremanetan eta belaunaldiz belaunaldi jakintzak transmitituz.
Etxalderik gabeko kandidata gero eta gehiagok, Euskal Herrian plantatu nahi du gaur egun, instalazio berrien %20-a inguru. Haien proiektuen arrakasta, lurraldean integratzeko eskaintzen diegun gaitasunaren araberakoa da.
Haien laguntzea funtsezko erronka bat da : lurraren eta etxalde baten eskuratzea ahalbidetuz eta formakuntza eskainiz, TREBATU bezalako tresnen bidez eta lurraldeko dinamiketan parte hartzen lagunduz.
Laborarien misioa da, haieri ongi etorria eskaintzea, elkartasuna, transmisioa eta lurraldearekin lotura egitea.
- « Elikaduraren erronka Euskal Herrian »
Sortu zenetik, EHLG laborantza herrikoie eta iraunkor baten garatzeko eta janari ekoizpenen bertokiratzeko engaiatzen du. Herriko sailaren bitartez adibidez (Ogia, Haragia, etab.). 2020ko osasun krisiak, tokiko elikadura erresiliente baten garrantzia indar handiz azpimarratu du bai eta ere zirkuitu laburren eraginkortasuna, krisi garaian biztanleen oinarrizko beharreri erantzuteko.
Gaur egun, Euskal Herria desorekatuada: hazkuntzan gehiegi zentratua, landare ekoizpenak falta dira. Lurraldeko hazkuntza bokazio historikoa zalantzan jarri gabe, ekoizpenak dibertsifikatzea ezinbestekoa da, laborantza osagarri, autonomo eta erresilienteagoa eraikitzeko.
Lurraldeko elikadura beharrei erantzuteak laborantza ikuspegi koherente, egituratu eta iraunkor bat eskatzen du. Horrek engaiamendu politiko sendoa eskatzen du landare ekoizpen garapenaren aldeko iniziatibak laguntzeko, ezinbestekoak baitira tokiko elikadura sistemaren orekarentzat eta Euskal Herriaren burujabetzarendako.
- « AOPak Euskal Herrian laborarien iraunarazteko berme bat »
Sormarkak kalitatezko ezaugarri ofizial publikoak dira, Europa mailan eta nazioarteko negoziazioetan ezagutuak. Indartsuenaren legean oinarritzen diren marka-politiketatik desberdintzen dira. Ekonomikoki ahulenak direneri kolektiboki halako ospe eta babes juridiko handi batera heltzeko ahala emaiten diete. Ekoizkinak lurralde batean finkatzen dituzte eta ondorioz, deslokalizaezinak dira.
Baldintzen-agiri batzuk bermatzen dituzte, sare bateko eragile guzientzat balio duten arau komunak bilduz, bakoitzak beren sailetan. Lurralde nekeetan, baldintzen-agiria baino aukeren-agiria da.
Egoera klimatiko aldakor batean, baldintzen bildumak nola egokitu behar dira heien iraunkortasuna segurtatzeko?
- « Laborarien ongi izatea »
Laborarien % 50ak erretreta ondoko 5 urteetan hartuko duela eta, belaunaldien berritzea erronka handia da. Arazo horrek laborantza munduaren eremua gainditzen du, laborantzak elikagaien ekoizpena baino eragin zabalagoa baitu.
Laborari anitz duen lurraldea ekonomikoki eta sozialki dinamikoa da : Nafarroan, Errigora ekimena adibide ona da.
Kultura, laborantzak gizartuean duen garrantziaz bete da : adibidez,Xiberoako maskaradetako laborari eta laborarisa bikotearekin.
Laborari gehiago plantatzeko, lanbideak erakargarriagoa izan behar du. Lan baldintza zailek bokazioak mugatzen ahal dituzte (egun biziki luzeak, asteburu eta oporrik gabe).
Laborari batzuk denbora libratzeko plantan eman dituzten aterabideak jorratzea interesgarri da, aterabide horiek teknikoak edota antolakuntza mailakoak izan daitezkeelarik (elgar laguntza, ordezkatzezerbitzua, langile baten enplegatze kolektiboa, etab.).
