Franche Comté Frantziako ekialdeko eskualde bat da, luzaz Bourgogne eskualdearen partea izan dena. Suitzako mugan, Alemaniatik eta Italiatik hurbil da. Bere departamenduak dira Doubs (545000 bizt. ), Jura (260000 bizt. ), Haute Saone (230.000 bizt.) eta Belfort (14.000 bizt.).

Baso eskualde garrantzitsua da (azaleraren %43), haritza eta pagoa dira nagusi, baina zapin eta izeia ere bai altueretan. Muinoak, ordokiak, eta mendi ertainek osatzen dute paisaia. Kontinentaleko klima hezeak eragin handia du laborantzan.

Kalitatezko ekoizpen ainitz dira: lehenik eta behin, Montbéliarde arrazako behien bidez ekoizten da esnea; gasnaz baloratzen da. Gero, Jura eta Haute Saoneko arnoak. Garia, garagarra, koltza eta artoa Haute saone eta Belfort lurraldeetan atxematen da.

Gasna asko « fruitières » delakoetan egiten dira. Horrek mendiko gasnategi tradizionalak izendatzen ditu, eta bertako zenbait ekoizlek artaldeko esnea bateratzen dute gasna bihurtzeko. Kooperatiba tipi hauen helburua da inguruko etxaldeetako esne-ekoizleei eraldatze partekatuko leku bat eskaintzea, eremu geografiko mugatu batean. Comté gasna adibidez, fruitières-etan egina da (baina ez findua), eta biltzeko eremua ezin da 25 km baino handiagoa izan gasnategiaren inguruan. Ekoizlea aktorea da eta erabakietan parte hartzen du (ekoizpenaren kontrola, baldintza-kaiera).

Gehien ekoizten den gasna Comté da (55000T). 1958an egin zen lehenengo gasna-AOCa, eta ordainsari ona ematen die ekoizleei. Beste espezialitate batzuk Mont d’Or, Morbier, Cancoillotte, Gex-eko Urdina eta Gruyère frantsesa dira.

Jurako mahastizainek Arboiseko ardoa ekoizten dute, Frantziako lehen AOC izan zen 1937an. Arno horia ere atxematen da eta Macvin, besteak beste.

Eskualde horrek Fougerolles-ko Kirscha (AOP), ajenjo, gentiana, ahabia likorea eta xarkuteri ugari ekoizten ditu: Morteauren edo Montbéliard-en saltxitxa, Luxeuilgo urdaiazpikoa, Doubs garaiko urdaiazpiko ketua, Morteauren Jesus.

Eskualdearen aniztasuna ordezkatzen duten laborari aktibo eta erretretadunek harrera ona eginen dizuete Halle 2ko standean, azaroaren 10etik 12ra.