LABORANTZA HERRIKOIAZ BIZI ETA ELIKA GAITEZEN

Elikaduraren bidez, laborantzak denak hunkitzen gaitu.

Gaur egun, baitezpadakoa den gai hori instituzio eta agro industri taldeen menpe da, herritarreri beren ardura kolektiboa kenduz. Hala ere, uste dugu bakoitzak eragiten ahal dugula, elikadura sanoa, ingurumena eta laborariak zaintzen dituen laborantzaren hautua eginez. Zein eredu segi dezake laborariak bere lanetik duintasunez bizitzeko, herritarrak manera sano eta iraunkorrean elikatuz?

Laborantza herrikoiak problematika horien erantzunetako bat dela eta desmartxa eta gogoeta kuadro bat finkatzen duela zintzoki pentsatzen dugu, oraingo erronka handieri aurre eginen dituen bertako egokitzapenak xekatzen lagunduz :

– gero ta gehiago eta urbanoagoa den biztanlegoa elikatzea

– lurraren emankortasuna zaintzea eta artifizializazioa mugatzea

– baliabide natural urriak aurreztea, energiatik eta uretatik hasiz

– eskualde edo biztanle batzuen pobreziaren aurka borrokatzea

– lurrari egokituak diren kultura anitzak atxikitzea

– eguraldi gero eta okerragoari eta ustegabekoari aurre egitea

Denek, laborariak, kontzumitzaileak, erabakitzaileak, bide hau segi dezakegula aldarrikatzen dugu, denen onerako eta bizidunen errespetuan.

  • Laborarieri dagokienez :

– haien ekoizpenak debertsifikatuz – iraupen luzeetako kultura motak, mozkinen salmenta zuzena, tailer osagarrien sortzea…- mono produkzio sistema indartzeko ordez

– kabalen tropak mugatuz, errespetuan eta obserbazioan sortzen den abere eta jendartearen arteko harremana atxikitzeko

– landare eta lurraren biziaren arteko lotura kondutan hartuz

– xoriak eta intsektu polinizatzaileen babes guneak diren hesiak landatuz edo zainduz

  • Kontsumitzaileeri dagokienez :

– jatea da egunean 3 aldiz bozkatzen bagenu bezala kontziente izanez  !

– mozkin freskoak, sasoinekoak eta hurbil ekoiztuak kontzumituz

– laborariekin loturak sortuz

  • Tokiko elkargoak eta erabiltzaile politikoeri dagokienez :

– lurraldeko etxalde tipien artean ahalbideak partekatuz, unitate industrial handiak laguntzeko partez

– lurraldeko beharreri erantzuten duten elikadura ekoizten duten laborariengana laguntza publikoak bideratuz

– tratamendu biologikoen ikerketa sustengatuz

– gure lurrari egokituak diren bertako arrazak eta hazien kontserbazioa lagunduz

2006an Euskal Herriko Laborantza Ganbarak Lurrama saloina sortu zuenetik, laborantza herrikoiaren trukaketa eta elgarretaratze gunea bilakatu da.

Urtero tematika jakin bat konferentzi eta mahain inguruetan garatzen da. 2024eko, elikaduraren erronken aintzinean zein laborantza modeloa hautatu behar den gogoetatu nahi dugu : zein dira ekosistemetarako laborantzako elikadura sistema jasangarria garatzeko ahalak, elikatzen gaituzten horientzat hain justu, elikagai osasungarriak eta guziek eskuragarri izango ditugunak klima-aldaketaren momentuan?