Ama ura zaindu
Uda huntako bero eta idortea izan aintzin, Lurramako tematika uraren inguruan izaitea erabaki ginuen udaberrri huntan. Eztabaida eta hitzaldi desberdinetara publikoa hurbilduko dela espero dugu.
Azken asteetako alerta klimatiko desberdinak edo azken urteetan aipatzen den aldaketa klimatikoa, hor ditugu ate joka. Aldaketa guzi horiek uraren erabilpen eta kudeaketa kolektibok pentsatzea behartzen gaituzte.
Ur geza lurreko edozoin gizakirentzat beharrezkoa da, alta munduan den ur guziaren%1a baizik ez da. Erraiten da bere bolumena ez dela biziki aldatzen bainan bere zikloa bai. Adibidez euriteak gero eta azkarragoak dira, uholde haundiak eraginez edo urik gabeko garaiak gero eta luzeagoak. Fenomeno horiek, uraren eskuragarritasuna zailduko dute gero hurbilean.
Uraren eskuragarritasuna xuhurtzen bada ere, galdea haunditzen da. Mundu honetako boteretsuenak berenganatzen entseatzen dira. Gizarte eta sektore guzietan agertzen den fenomenoa da, adibidez etxeetan pizina indibidualen garatze haundia edo laborantzan zereala ekoizleek ura ustiatzen dutelarik « maila freatikoetatik » bazina erraldoietan stokatuz.
Espero izan behar da holako jarrerak azken entseguak eta aukerak direla, aldaketa erradikal eta bortxatua izan aintzin.

Galdera ez da beti beharren araberakoa, hau da errekak idortzen direlarik, ur edangarria kutsatua delarik edo herri batzu urik ez dutelarik gehiago… auto edo traktorearen garbiketa lehentasuna ote da ?
Badakigu behar batzu premiazkoak direla eta beste batzu ez hainbeste. Adibidez, Coca Cola edaria ekoizteko ur asko erabiltzen da, alta Coca Colak ez du ura ordezkatzen ahal gure organismoetan.
Bizidun guzien errespetuz beharrezkoa zaigu lehentasunak emaitea uraren erabilerarentzat, justizia soziala bermatuz.
Uraren zikloak gure munduan garrantzia du, beroketa klimatikoak dakarren aldaketeri aurre egiteko, bizimodu berriak asmatu behar ditugu eta uraren kontsumoa berriz pentsatu behar dugu.
Laborantxan ere uraren bakantasuna arazo larri bat da. Laborantza herrikoia, etxalde ttipiekin, bere ingurunean integratua dena, eta kalitatezko elikagaiak ekoitziz desafioa berrieri aurre egiteko prest da.
« Ama ura zaindu » leloarekin sakonduko dugu aurten uraren gaia. Hitzaldi eta mahai inguru desberdineeri esker gaia nola deklinatuko den ikusiko dugu.
