Kazeta.info
Photo
Lurrama urriaren 19tik 21era iraganen da Miarritzen. Bigarren urtea da laborantxa saloina Iratiko erakus-azokan antolatzen dutela. Egitaraua aberasteko parioa egin dute antolatzaileek. Aurten Aveyron eskualdea ohorean ezarriko du saloinak. Tokiko laborantza, kalitatezko mozkinak eta gastronomia ezagutzeko parada izanen da. Ostiralean 1 600 haur hurbildu dira saloinat. Idekiera ekitaldian, besteak beste, Miarritzeko auzapeza Didier Borotra, Jean Jacques Lasserre senataria, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle parlamentariak, Koldo Lizarralde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Nekazaritza saileko burua, Baionako Merkatal eta industria Ganberako-eko lehendakari ordea, Pantxoa Bimboire izan dira. Haien aurrean mintzatu da Aurélie Trouvé, Attac elkarteko  lehendakaria. Bera baita 7. edizio honen gazama edo amabitxia. ( Xehetasun guztiak: www.lurrama.org ).

2012ko Lurrama saloinak "PAC iraunkor eta herrikoi baten alde" gaia jorratuko du. Hain zuzen ere, Europako Batasunak aitzineratu laborantza politika erreforma negoziatzen hasi den unean euskal laborarientzat berebiziki garrantzia duen gaiari buruz eztabaida antolatua izan da.

Saloinak gaur zabaldu ditu ateak eta arratsaldean antolatu mahainguruan gonbidatu berezia bada. Stéphane Le Foll Frantziako Laborantza ministroa PAc erreformari buruz mintzatzera etorri baita. Eztabaidan Aurélie Trouvé, ATTAC-eko lehendakaria eta 7. saloina honen gazama, Mixel Berhokoirigoin, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakaria eta José Bové, eurodeputatua, izan dira.

Hain zuzen ere, Boveren sorterria, Aveyroneko eskualdea, ohorean ezarriko du Lurramak. Saloina idekirik den hiru egunotan, bertako hazleek ekarritako kabalak ikusteko, laborariek ekoiztutako mozkinak erosteko eta, bistan dena, Aveyroneko gastronomia jaztatzeko parada izanen dute Irati erakustazokara hurbilduko diren milaka lagunek.

Aveyroneko kabalak baitaere
Orotara 100 bat abere erakutsiko dituzte Lurrama erakustazokan. Gure baserrietako kabalen ondoan, aurten Aubrac arrazako behiak, Lacaune ardi esnedun arrazakoak, edo Erdialdeko Mendiguneko behi xuriak ikusiko ditugu. Ayveronetik helduak diren kabalak dira, bistan dena.

Ber maneran, bihar, larunbatarekin, ardi esne sailari buruz antolatu eztabaidan (14.00etarik 15.00etara) presente izanen dira Aveyroneko ordezkariak. Egun berean, 18.00etan, saloinako amabitxiak liberalizazio politikek laborariei sortu dizkien kalteei buruz mintzatuko da. "Merkatuak berreskuratu" du izenburu ingeniari agronomo eta ekonomia doktorea den Aurélie Trouvek eskainiko duen mintzaldia.

Bi munduen arteko topaketa
Lurrama saloinak laborantza eremuan bizi diren jendeen eta hirietako biztanleen arteko topaketa ahalbideratzen du. Haurrek, ohikoa denez, nunbre handian joanen dira kabalak ikustera eta beraientzat antolatu tailerretan sarritan ezezagun duten mundua hobeki ezagutzeko parada izanen dute. Hartara, 1600 haur hurbilduko dira lehenengo egunean Iratiko erakus-azokara.

Herriko mozkinak denon eskura
Lurrama azoka bada ere. Arramoldatze tipi batzuk egin dituzte aurten saltokien antolaketa hibetzeko. Orotara 60 bat laborarik haien mozkinak eskainiko dituzte. Euskal Herriko AOP sormarka dezberdinekin Lurramak eginen duen lana azkartuz, ohiko gazna xapelketa egiteaz gain Ezpeletako biperrari dagokion lehiaketa ere antolatua izanen da aurtengo azokan.

Laborantzaren fruituak mahainean jastatzeko aukera zabala bada Lurrama azokan. Ate idekitzeko bazkaria Donibane Garaziko hostalaritza lizeoko ikasleek pretatu eta zerbitzatuko dute, Duzunaritzeko Gamia jatetxeko Bruno Jauteguiberry sukaldaritzaren laguntzarekin. Ostiral gauean Aveyroneko afaria izanen da. Miarritzeko hostalaritza eskolako ikasleek prestatu eta zerbitzatuko dute. Avironeko laborariek laguntzaz, besteak beste aligot tradizionala tokian bertan egina da.

Sukaldaritza xapelketa
Urriaren 20an, sukaldaritza xapelketaren ordua izanen da. Euskal Herriko elkarteer zabalduriko xapelketa da eta aurten prestatu beharko duten erezeta axoa da. Gauean zikiro gaua izanen da.

Azkenik, igandean, Euskal Herriko izen handiko 16 sukaldarik eta 6 gozogilek tokiko eta kalitatezko produktuak baliatuko dituzte bazkaria ezin hobeagoa proposatzeko.

 


Comments




Leave a Reply

    > BONJOUR!

    L'association Lurrama met à jour le site internet...

    > Egun  ON!

    Lurrama elkartea webgunea eguneratzen ari da...